Sagardoa eta «jazbana»…
Gizartea, gero eta gehiago, historia gurekin batera hasi zela pentsatzeko tentazioan erortzera eraman nahi gaituzten amukoz dago beteta. Gure aurretik ezer gertatu ez balitz bezala.Historia, gure memoriak erreskata ditzakeen aspaldiko telebista programa desagertu eta publizitate kanpaina zaharkituez haraindira existituko ez balitz bezala. Horrela izatea komeni zaie agintzen dutenei. Pako Aristik Gelatxo, soinuaren bidaia luzea liburuan aitortzen du, gogotsu heldu ziola soinujole handi honen biografia idazteari, besteak beste, bere buruari, gaztaroan egindako injustizia bat ordainarazi nahi ziolako («gure erreferenteak Bob Marley eta The Wailersak ziren, Neil Young, Leonard Cohen, Errobi, Potato… eta inoiz ez genuen Gelatxo estimatzen ikasi. (…) Moderno izan nahi genuen baserri inguruko gauza guztiak suntsituz, erdeinatuz, ezkutatuz. Eta inozoak izatea besterik ez genuen lortu»).
Batzuetan, ordea, gutxien espero duzunean topatzen duzu iraganera eramaten zaituen lokarria. JC Perezen kantu batean entzun nuen lehen aldiz Gelatxo soinujolearen izena («Gelatxoko zuela San Jeronimoko erromerian atzo, esan didate, eta egunsentiarte jarraituzuela…»). Euskal Herriko Trikitixa Elkartea, bi soinujole handiren biografiak kaleratuta, hutsune garrantzitsu bat betetzen hasi da, bi idazleren eskutik hasi ere: aipatutako Pako Aristiren Gelatxoren biografiaz gain, Koldo Izagirre izan baita Elgeta, sasiaren sustraiak liburuan, Jazinto Rivas Elgeta mitikoaren biografia taxutu duena. Asko eta erakargarriak izan dira betidanik jazz munduko musikarien memoria liburu eta testigantza autobiografikoak. Nik dakidala, azken urte pare honetan, Chet Baker, Charles Mingus, Charlie Parker edo Miles Davisenak behintzat argitaratu dira, besteak beste. Elgeta edo Gelatxoren bizitzak irakurtzean, ordea, jazz jole beltzen biografiekin adina edo gehiago gozatzen dugu. Harlemen barik, Euskal Herriko erromerietan ere bazen-eta pikareskarik, elkarri piezak lapurtzeko –plagioa ez dugu guk asmatu: hori ere ez–. Hona bestela, Pako Aristik jasotako lekukotza: «Emazteak poltsa barruan eramaten zuen magnetofoia piezak grabatzeko. Autoak inguruan aparkatu eta handik grabatzen zuen jendeak, edo ganbara zuloetatik mikroak sartuta ere bai». Musika errepika ezina zen garai batez ari gara…
Joxean Agirrek duela urte batzuk Elgeta eleberrian argi utzi zuen pelikula bat egiteko modukoa zela Jazinto Rivasen bizitza (bide batez, ez dakit zeren zain dauden argitaletxeak bere garaian Irun Hiria irabazi arren batere ongi zabaldu ez zuten nobela hau merezi bezala berrargitaratzeko). Bai Elgetaren kasuan, bai Gelatxorenean ere, dezente dira pertsonaia hauek janzten dituzten elementu filmikoak. Kasu batean zein bestean, nabarmena da musikaren inguruan antolatu zituztela euren bizitzak, beren bizitza pribatuak bigarren mailan utziz (Gelatxoren emazteak mingostasunez aitortzen du beti bakarrik egoten zela etxean). Biak ala biak, berritzaileak izan ziren. Errepertorioa zabaldu eta kantuak sortzen aitzindari izan arren, haiek konposatutako hainbat pieza herrikoi izendatzen dira gaur egun (berriki autoretza kontzeptua arbuiatuz agertu den Joan Miróren eskuizkribuaren jarraitzaile ziren, nonbait, jakin gabe: «Plastikoki, sinadura ezmorala da eta izpiritualki ezin onar dezaket izena agertu nahi horrek adierazten duen indibidualismo hori, batez ere, nik ez dudanean nire obrekin apenas zerikusirik, erabateko ausentzia egoeran sortzen ditut eta»). Kepa Junkera berbera ere, tomavistasa hartuta joaten omen zen trikitilari beteranoak grabatzera: eskuen irudiak hartzen zizkien nonbait, gero ikasteko asmoz.
Estetika ere erabat zinematografikoa dute. Atentzioa ematen dute garai hartako argazkiek: izara batekin egindako atorra soinean eta purua ezpain artean beti Elgeta, jazbana osatzen zuten saxofonista eta bateria jolearen konpainian ia beti Gelatxo. Filmetako pertsonaiak dira: motoz ibiltzen ziren batetik bestera Gelatxo eta bere kideak, eta artisten xelebrekeriarik ere ez zaie falta. Trikitilariek gau asko pasatzen zituzten etxetik kanpo, eta kontatzen dutenez, Elgetak ez zuen sekula beste inork egindako ohean lo egiten: izarak askatu, ohea bere gustura berriro ere jantzi eta orduan sartzen zen lotara. Eta narrazioa mitoaren aldera lerratu nahi izanez gero, Charlie Parkerren bukaera bezain tragikoa izan zen Elgetaren heriotza: hotzak jota, obra batean berotzeko sua piztu, haren ondoan loak hartu eta obratik erorita hil zela dio kondairak, hipotesi egiantzekoago baten arabera zaharretxe batean hil zela uste den arren. Bakardade osoan eta miseriarik gorrienean, edozein kasutan. Elgeta eta Gelatxo ez dira bakarrak. Joseba Tapiak 1936-37ko kantuak musikatuz osatu duen Agur, Intxorta maite diskoan, errepublikarra zelako ahanzturara baztertutako Joxe Mari Lopetegi bertsolariaren berri ematen digu, adibidez.
Clint Eastwood eta Tavernierrek Charlie Parkerren bizitza eta saxoa hartu zituzten oinarri Bird eta Round midnight filmak errodatzeko. Italiatik trenbidea egitera etorritako langileek ekarritako infernuko hauspoak ere, ematen du hainbesterako.
Harkaitz Cano, «Sagardoa eta ‘jazbana’…»,
Euskaldunon Egunkaria, 2002ko martxoaren 2an

