Egunen baten autoan jango‘tsut
Ezpain lodi haiek jaten nizkion eta mihiaz mamia bilatzen nuen, eta egia da noiz edo noiz espasmoetara iristen zela. Nirea barik! Nahiz eta nik harena gizon jaiotako ustezko jainkoaren amaren aluaren parekoa duen Mariak esan legez jan: hark nirea zelan, halaxe nik harena. Horrexegatik iristen zen espasmoetara batzuetan, ez beti. Haatik, ez naiz Henry Miller, frakasatua sentitzen nintzen. Musikarekin ere ez nuen parean jotzen eta, pentsa.
«Nor da?», diost behin Relaxing entzuten gagozelarik.
«Miles Davis».
«Ez dekozu euskerazko z(e)ozer?».
«E’zu Ez Dok Hamairu gura izango, ezta?».
«Stok 13? Ingelesezko stock? Euskaldunak direz?». «Bai, ahori, euskaldunak! Zapiak bat!», hemengo portuko hizkeran erantzun nion, barrez.
Simone ni baino zenbat urte gazteago den ez dut honezkero zertan esan. Ingelesez norekin ikasi zuen, hobe ez aipatzea. Tartean hauts zuria, alkohola eta bedarra izan zirela esanda, nahikoa. Utzi zion ingelesa hobetzeari, bai, baina ez beste hiru horiekin esperientzia luzatzeari, egia.
Miles Davisena kenduta eta horren ordez Gatibu sartuta oheko lehengo lekura itzuli naiz. Itsasora, nonbait, nire hori lanpernatxue dela gogorarazi didanez gero.
«Zeittik eitten ‘zu barre?», diost, lanpernatxue eskuetan.
Erantzun modura Ez Dok Hamairu zer izan zen esaten hasi natzaiolarik Benito Lertxundi aipatu diot.
«Gure aitteri gustetan jako Benito».
Ez Dok Hamairu hartakoen kantu erotikoren bat gogoratzen saiatu nintzen eta, piperren hautsa! Ipini niezaiokeen ba beste euskal kanta erotikoren bat, Mikel Urdangarinena, adibidez. Baina hunkidura gehiegizkoa izango zen.
«Besoetako uliek eurotan permanentie orraztuteko moduan ipinten dostaz», esan zidan haren kantuak entzutean behin. Ileak eurotan permanentea orrazteko moduan jartzearena oilo-ipurdiari esateko haren modua zen
Bestela triki-punk-funky-alaiki Gose taldearena ere han zegoen. Zertarako baina. Haren hitzak portuko euskarara egokitu beharko nituen.
«Sutan nago, zer da? Suten nau?», eta horrelakoak. Ez nukeen hitzik azaldu behar izango Tximino handia jarriz gero baina, haren kontzertuan zelan izan ginen behin, eta gogora Lou Reed ekartzen duela, eta portuko kantuak bera kantatzen hasi eta abar eta abarretan luzatuko ginatekeen. Tira, Rafa Rueda jartzeko tentaturik egon nintzen, ea zer esaten zuen. Ahotsa ez ezik itxura ere lar gustatzen zitzaiola banekienez, paso egin nuen. Gero hantxe zegoen Txuma Murugarrenen kantu ederra, Proposamena izenekoa. «Zure bota beltz eta gona labur horrekin», dioena. Zera, Simoneren estiloa batzuetan horixe izaten zen. Hori alde batera, kantu horrekin ere eragozpenak izan zitezkeen. Kantuak «Maitte zaittut», horrelaxe dioen tartean ziur naiz eragozpenen bat sor zitekeela. Ea tt ahoskatzeko modu hori zuzena den galde zezakeen, esate baterako. Han ostera ez geunden filologiarako, itsasoko piztien zeretarako baino. Gatiburekin dantzan hasiko zen-eta, dantzaldiaren tarteren batean lanpernatxuari oratuko zionik ez nuen dudarik. Ba hortxe dago Gatibu itxaroten, eta bera oraingoz geldi. Miles Davisen alde zer edo zer esateko une egokia, Relaxing entzuteko gogoaren pizgarri.
«Miles Davisen ipuintxu bet kontako ‘tsut», diotsot nik.
Halaxe hasten naiz kontatzen Miles Davisen biografiako harako pasarte hura, Charly Parker ere –ezizenez Bird, euskaraz Txoria– tartean hartzen duena. Oharra baina horri ekin aurretik.
Jakina den moduan, autobiografia edo burubiografia oro konstruktua da, alegia, halako zera artifiziala, berariaz eraikia, hariak egileak berak nahi dituen erata- ra josiz eta erdizkako egiez eta erdikazko gezurrez osotua eta sortua. Zer esanik ez burubiografiatuak mikrofonoaren aurrean hitz egin eta gero era horretara esandakoak idazleren batek konpontzen dituenean. Hala eta guztiz ere, burubiografia da burufikzioaren ataleko azpiatal zintzoena, ez baitio irakurleari ezelango konplizitaterik eskatzen. Beraz, ez dago irakurlea krimenaren partaide zertan egin. Irakurlearen ikuspuntutik buru- biografia egia dokumentatua da, baldin eta egia literaturan inon bada, eta, era berean, ezer, izatez, egiazkoa izan daitekeen ala ez eztabaidan sartu barik. Zera, Miles Davisek bere menpeko idazle morroi hari ez zion esan, edo ezabatzeko agindu zion, noiz, non eta norekin ezkondu zen lehengoz, eta hala ere halako batean esan egiten du: «Ordurako ezkonduta nengoan». Noiz, norekin, zelan? Ez du argitzen. Burufikzio honetan aipatu ditudan eta agian aipatuko ditudan emakumezkoen artean zeinekin egon nintzen ezkondurik esaten ez badut, Miles Davis jenioaren adibideari jarraitzen diodalako da. Ea ba.
Bestela Miles Davisen biografoari egin galde, bizirik bada, tronpetaria hilda da-eta honezkero. Aurrera ba bolie. Simoneri hemengo portuko euskerean konteu banion ere, hemen, eta emozioak ezabatze aldera, batuaz-edo emongo dut, Milesek berak biografoari, Quincy Tropue izenekoari diktatu bezalaxe edo.
«Gogoan diat behin gauez Kalean (n.y.eko 52. Kale ospetsuaz dihardu Milesek) jotzera gindoazela eta Bird puta zuri batek lagunduta zetorrela. Heroina piloa sartuta, oilasko zatiak jaten, horixe zuan-eta haren gutiziarik preziatuena, eta whiskya edaten putari zipotea zupatzeko ziotsoan. Ondo ba, beituik, artean ez nengoan ohituta halako zoro ergelkeriekin, apenas edaten nian, orduantxe erretzen hasita nengoela uste diat, eta ez nengoan inondik ere drogei kateaturik: hemeretzi urte nitian eta hura bezalakorik inoiz ikusi barik nengoan. Nolanahi ere, Bird, emakumeak adarra zoro-ero zupatzen zioan aldi berean berak ostera alua milizkatuz erantzuten ziolarik, aztoratzen hasia nengoela ohartu zuan; galde egin zidaan ea ba ezer gertatzen zitzaidaan, ezerk molestatzen ote ninduen edo. Nire muturren aurrean egiten ari zirenak, emakumea zakur emea legez zakila muturrik mutur zupatzen eta milizkatzen eta berak aiene! antzeko zarata haiek egiten oilasko zatiak jaten zitian aldi berean, ba, egia, hark guztiak deseroso sentiarazten nindian-eta, Ba, bai, ez duk atsegina, esan nioan eta, badakik zer erantzun zidan putasemeak? Lepoa bihurtzeko eta jaramonik ez egiteko. Halako kabroikeriarik! Ezin sinisturik nengoan, halaxe esan zian. Taxia estu-estua zuan, eta hirurok gintuan hango atzeko eserlekuan sartuta, beraz, nora begiratu behar nian ba?».
«Geniala, egunen baten autoan jango‘tsut», esan zuen Simonek pasadizoa entzunda.
Lanpernatxue hartu zidanean Miles Davis barik Charly Parker gura zuenentz itaundu nion. Bird handia, Bird geniala, Bird bakarra, Gatibu baino nerbiosoagoa eta, ea ba.
«Bai eta zera be! Jazze!».
Egia, Simone ez zen Maria. Mariari jazzaren airera zabaltzen zitzaion pikua, jazzaren baitan hedarazten zuen nire zerean listua, jazzaren joan-etorrietan eta melodia etenetan egiten zuen musikak beste norabide aldaketa, abiadura eten eta estilo txandakatzea bere aho-ezpainen laztanetan, eta halaxe nik neuk ere haren fruitu ilegurizko eta ikatz lurrenez leundutakoan. Ohartzen ginenerako entzuten ari ginen kantuaren magman kontzientzia galduta korrituak ginen, musikaria eta hirurok elkarrekin, gurea musikaren azken notarekin batera iza- ten zen eta. Behin gure hark Coltrane maisuaren A Love Supremek irauten duen tarte osoan iraun zigun, lobedarra ere tarteko. Ez zen Simoneren estiloa, ostera. Jazzarena, diot. Agian Chet Baker junkie airekoarekin. Beste batean baina.
Gatibu entzuten segitu genuen, tarteka dantzan eta tarteka fereketan bera, hurrengo fereken zain dantzari begira ni. Tarteka, bai.
«Egunen baten autoan jango ‘tsut», tarteen arteko tarte batean esan zidan.
Gatibu amaitu zenean, eta artean lanpernarekin olgetan bera, engainatu egin nuen. Weather Report ipini nion, jazzaren kutsua hartuko ez ziolakoan. Eta halaxe izan zen.
Edorta Jimenez, Stock 13, Txalaparta, 2009
Bird hegaldi betean

