Idatzi zintzotasunez, eta ahal duzun hobekien kontatu. Ez dut uste beste araurik dagoenik. Inporta duenik ez, behintzat

2024-09-25

1. Idatzi.

2. Jarri hitz bat bestearen atzean. Bilatu hitz egokia, eta idatzi.

3. Bukatu idazten ari zarena. Hori bukatzeko beste ezer amaitu behar baduzu, ba amaitu.

4. Utzi tarte batez. Irakurri inoiz irakurri ez bazenu bezala. Utzi irakurtzen lagun ontzat dituzunei eta idatzi duzunaren antzeko gauzak gustatzen zaizkienei.

5. Gogoratu: zerbait gaizki dagoela edo haientzat ez duela funtzionatzen esaten dizutenek arrazoi dute, ia beti. Gaizki dagoena seinalatzen dizutenean eta nola konpondu esaten dizutenean, erratuta daude, ia beti.

6. Konpondu. Gogoratu, lehenago edo geroago, perfekziora iritsi baino lehen, utzi egin beharko duzula eta beste zerbaitekin hasi. Perfekzioa bilatzea ortzemugaren atzetik joatea da. Jarraitu mugitzen.

7. Egin barre zeure txisteei.

8. Hauxe da idazteko arau nagusia: nahiko segurtasun eta konfiantzaz egiten baduzu, nahi duzuna egin zenezake. Bizitzeko araua ere bada hori, akaso, idazteko arauaz gain. Beraz, idatzi zure istorioa eskatzen duen moduan. Idatzi zintzotasunez, eta ahal duzun hobekien kontatu. Ez dut uste beste araurik dagoenik. Inporta duenik ez, behintzat.

Neil Gaiman

«Neil Gaimanen idazteko 8 arauak», Irati Jimenezek euskaratuak, Aiztoa eta arkatza: Idazteari buruzko idazleen aholkuak (autolaguntza gida), Txalaparta, 2013

Irudia: Neil Gaiman 2009an. Kyle Cassidyren argazkia